AURKEZPENA
Kaixo! Ongi etorri HIZKIEN MATEMATIKA ARIKETAK bildumara. Asmamena eta estrategia jolasak gogoko badituzu, horra hor, zure aurrean, bostehun ariketa baino gehiago era atsegin eta jostagarri gisa aritu zaitezen. Era jostagarrian diogu, zeren eta jolas-saioak izan ohi dira gure gaitasunak sendotzeko jarduera bikainak. Adibide mordoa bada, bertan eskuragarri, matematikako asmamen joko edo ariketa modura emanak, arrazoitze trebetasuna areagotzeaz gain adimen ahalmena garatu eta onurak dakarkigutenak, halabehar uneetan kontzeptuak ulertu eta logikan oinarritutako erlazioak uztartu behar direnerako. Beste era batera esanda, zenbait egoera korapilatsutan irtenbideak aurkitzen lagun diezaguketen trikimailuen ezagutza litzateke.
Logika-joko horietan matematikako zenbait lexiko erabiliko diren arren, oro har, ez da beharrezkoa matematika edo beste ezagutza handirik izatea, nahiz eta ongi etorriko diren. Ebazte bidean agertzen diren eragozpenak gainditzeko nahikoa da modu induktibo nahiz deduktiboan arrazoitu eta kontzeptuak erlazionatzeko gai izatea.
Joko edo ariketa matematikook gainera, erabiltzaile guztientzat doakoak izateaz gain, ez daude adin jakin bati zuzenduak. Aitzitik, edozein adinekorentzat egokituak daude, zailtasunak mailakatuak eta atonduak dauden neurrian haur, gazte zein helduentzat.
Nolanahi ordea, adimena, kontuan izan, jaso dugun egundoko dohaina izanik, gure gain dago arrazoitze jardueraz asebetetzea. Jardute hori, nola ez, gizaki orori dagokigu, bakoitza bere ahalmen neurrian arituz, garuna aktibo izan, eta zahartzaroko oinaze eta alzheimerraren ondorioak urrundu asmoz. Ildo horretan, gerora, gaitasun eta trebezia horiek gogoeta-oinarri bilakatuz, ikasketa arrakastatsua izaten bezala, eguneroko jarduerak gainditzen lagun diezagukete, iritzi kritikoa izan eta ondorioztatze jardunetan autonomoak izanaz. Besteak beste, trebezia-gakoak lirateke bizitzan kementsu eta baikor izateko.
Eta ahaztu gabe, agur bero bat matematika saioak medio, bilduma hau aurrera ateratzeko gogoz aritu ziren Landaberri Ikastolako nerabe guztiei.
Bukatzeko, eskura duzun ariketa matematikoen bilduma 3 multzotan banatuta dago, non bi batugaiko hizkien batuketak, hiru batugaiko hizkien batuketak, eta hizkien kenketak ematen diren. Multzo horietako bakoitzak aldi berean, 9 zailtasun maila ditu, 1 zailtasunekoak izanik errazenak eta 9 zailtasunekoak zailenak. Eta noski, ez duzu zertan hasieratik abiatu, edota ordena jakin batean jardun beharrik. Nahi duzun ariketa eta ordenan aritu zaitezke.
Ea bada! Ekin, eta izan jarrera sortzailea.