Konekta

AURKEZPENA

Kaixo! Ongi etorri HIZKIEN MATEMATIKA ariketa bildumara. Asmamen eta estrategia jolasak gogoko badituzu, horra hor, seirehun ariketa baino gehiago era atsegin eta jostagarrian aritu zaitezen. Era jostagarrian diogu, jolas-saioak askotan gure gaitasunak sendotzeko jarduera bikainak izan ohi dira eta.

Adibide mordoa bada bertan eskuragarri, matematikako ariketa edo joko matematiko modura emanak, zeintzuk arrazoitze trebetasuna areagotzeaz gain adimen ahalmena garatzen lagunduko diguten. Horrela, ariketa hauek kontzeptuak ulertu eta logikan oinarritutako erlazioak uztartzen lagun diezagukete. Beste era batera esanda, zenbait egoera korapilatsutan irtenbideak aurkitzen lagun diezaguketen trikimailuen ezagutza garatzeko aukera izango dugu.

Logika-joko horietan matematikako zenbait lexiko erabiliko den arren, oro har, ez da beharrezkoa matematika edo beste ezagutza handirik izatea, nahiz eta ongi etorriko diren estrategia matamatiko ezberdinak aplikatzen trebatzea. Ebazte bidean agertzen diren eragozpenak gainditzeko nahikoa da modu induktibo nahiz deduktiboan arrazoitu eta kontzeptuak erlazionatzeko gai izatea.

Joko edo ariketa matematikook gainera, erabiltzaile guztientzat doakoak izateaz gain, ez daude adin jakin bati zuzenduak. Aitzitik, edozein adinekorentzat egokituak daude, zailtasunak mailakatuak eta atonduak dauden neurrian haur, gazte zein helduentzat. Eta nola ez, zaindu dezagun adimena, hori kontuan izan, jaso dugun egundoko dohaina izanik, gure gain dago arrazoitze jardueraz asebetetzea. Jardute hori, nola ez, gizaki orori dagokigu, bakoitza bere ahalmen neurrian arituz, garuna aktibo izan, eta zahartzaroko oinaze eta alzheimerraren ondorioak urrundu asmoz. Ildo horretan, gerora, gaitasun eta trebezia horiek gogoeta-oinarri bilakatuz, ikasketa arrakastatsua izaten bezala, eguneroko jarduerak gainditzen lagun diezagukete, bai eta iritzi kritikoa izan eta ondorioztatze jardunetan autonomoak izaten ere. Besteak beste, trebezia-gakoak lirateke bizitzan kementsu eta baikor izateko.

Eta ahaztu gabe, agur bero bat matematika saioak medio, bilduma hau osatzen gogoz aritu ziren Landaberri Ikastolako nerabe guztiei.

-------------------------------

Bukatzeko, eskura duzun ariketa matematikoen bilduma 3 multzotan banatuta dago, non, bi batugaiko hizkien batuketak, hiru batugaiko hizkien batuketak, eta hizkien kenketak ditugun bertan. Multzo horietako bakoitza, aldi berean, 9 zailtasun mailatan osatua dago, non, 1 zailtasunekoak diren errazenak eta 9 zailtasunekoak zailenak. Eta noski, ez duzu zertan hasieratik abiatu, edota ordena jakin batean jardun beharrik. Nahi duzun ariketa eta ordenan aritu zaitezke.

Ea bada! Ekin, eta izan jarrera sortzailea.


HASIERA EUSKARA AURKEZPENA LEHEN ADIERAZPENA BIGARREN ADIERAZPENA EBAZPENA IRITZIAK ETA ZUZENKETAK IRTEN