Konekta

EUSKARA

Kaixo lagun, euskalduna bazara, orrialde honetako edukia ez dago zuri zuzendua. erdalduna bazara ordea, beharbada atzerritarra (irlandarra, egiptiarra, txinatarra, etab.), ziur naiz, aurrean duzun HIZKIEN MATEMATIKA deritzon bilduma hau zein hizkuntzatan idatzia dagoen galdetuko duzula. Agian, matematika zalea izanik, bertako edukia zure hizkuntzara itzuli nahian zabiltza. Dena dela, horra hor, zenbait argibide zure jakin-mina asetzeko. Ongi etorri, eta izan onura.

Lan hau, EUSKARA deritzon hizkuntzan egina dago. EUSKARA, labur esateko, aurrehistoriatik gaur arte, Pirinio mendilerro inguruko biztanleen hizkuntza izan da. Pirinio mendilerroa, Frantziar Estatuaren hego-mendebaldeko eta Espainiar Estatuaren iparraldeko mugan dago kokatua, eta bertan Euskal Herria dugu. Gaur egun, Euskal Herria bitan banatua dago, non Ipar Euskal Herriak Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa lurraldeak hartzen dituen, eta Hego Euskal Herriak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa. Antzina ordea, euskara mintzatzen zen lur eremua, gaur egungoa baino zabalagoa zen bere norabide guztietan, eta hipotesia bada ere, zenbait hizkuntzalariren esanetan, euskararen aurrekaria edo aintzin euskara luze zabaldu zen Europan barrena, azken Izotz Aroa amaitu eta klima aldatu zenean.

Euskararen jatorriak izugarri kezkatu izan ditu munduko hizkuntzalariak, eta ikertzaile asko saiatu diren arren bere jatorria eta sustraien nondik-norakoak argitzen, oraindik, egia esan, argitu gabeko enigma bat da, eta hala izaten jarraituko du aurrerantzean ere.

Munduan 17 hizkuntza familia dira guztira, eta hamazazpi familia horietako hiru Europan ditugu: Indoeuroparra, Uralo-altaikoa eta Euskara. Bestetik, Europan 500 bat hizkuntza eta dialekto hitz egiten dira guztira, eta euskara ez beste guztiak, indoeuropar eta uralo-altaiko familia handi horien senideak dira. Euskara, Europako hiru familietako bat den arren ez zaio munduan zehar diren beste hizkuntzekin antzekotasunik aurkitu. Euskara, hizkuntza bakartua izan da nonbait. Hau da, hurbileko ahaide edota historiako ezein hizkuntza ezagunekin harreman zuzenik izan ez duena. Hortaz euskara, mendebaldeko Europan sustrairik luzeenak dituen hizkuntza den arren, sailkaezina da.

Zerbait zehatzagoa aipatuz, eta hauek ere hipotesiak izaten jarraitzen duten arren, zenbait antropologo eta etnologo adituk, gertu dugun Atapuercako indusketako aurkikuntzak direla eta, behe paleolitoan, Pirinio mendikate inguruko gizakia 200.000 urte baino atzerago kokatzen duten bitartean, Joakin Gorrotxategi hizkuntzalariaren eta beste aditu gehienen iritziz euskararen aurretikoa paleolitoan kokatzea urrutiegi joatea litzatekeen bitartean, aditu ausartagoen baitan, iluntasun horretan legoke aintzin euskararen sorrera. Badira azkenik, euskara Pirinio mendikate inguruan bertan sortu, eta betidanik hor bizi izan den hizkuntza dela diotenak ere. Besteak beste, euskal kulturaren zutabe nagusiak diren Koldo Mitxelena hizkuntzalariak eta Jose Miguel Barandiaran etnologoak, zeintzuk euskal etnia ez da kanpotik etorria zioten; aitzitik, bertan sortua dela diote, duela 5.000 urte gutxienez ere, Gro-Magnon gizakiaren garaian.

Hortaz, eta hemen adierazitakoaren harira, euskara ez da hizkuntza bat soilik, denboraren joanari aurre egin eta mendez mende bizirik iraun duen hizkuntza bakarra ere bada. Hori, adituen hitzetan, gertaera itzela izateaz gain, ulertezina ere bada, hainbat hizkuntza handi, sendo eta zabalduak galdu direnean, euskarak bizirik jardun izana milaka urtetan zehar Europako txoko eder horretan. Hare gehiago, euskara, hizkuntza altxor bat da, eta bere etorkizuna hiztun garenon baitan dago.


HASIERA AURKEZPENA LEHEN ADIERAZPENA BIGARREN ADIERAZPENA EBAZPENA IRITZIAK ETA ZUZENKETAK IRTEN